Hasi dantzatzen!

Zer da kultura-ondarea?

“Ondarea” kontzeptu zabala da: atal juridiko zorrotza, kontabilitateko esparrukoa eta bitarteko ekonomikoa; eta hortik beste adierazpen batzuk hartu ditu: kultura-ondarea, gizateriaren ondarea, ondare kolektiboa, korporatiboa…

"Kultura" ere era askotan defini daiteke: natura ez den oro izan daiteke, komunitate edo sistema sozialaren partaide diren gehienek partekatzen dituzten sinesmenak, arauak eta balioak, baita tarteko gainerako guztia ere.

Beraz, hitz biak elkartuz, kultura-ondarea honela defini dezakegu: aurreko belaunaldiengandik oinordetzan hartu diren eta herriari nortasuna ematen dioten ondasunen multzoa da. Kultura-ondarea kontserbatzera behartuta gaude, hurrengo belaunaldiei transmititzeko.

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen arabera (UNESCO), kultura-ondarea bi kategoriatan bana dezakegu: ondare materialak eta ondare ez-materialak.

Zein dira ondare materialak?

Ikusi eta uki ditzakegun ondare guztiak. Iraganaren adierazgarri dira. Tokian tokiko biztanleak ingurura, garai bakoitzera eta kultura-korronteetara nola egokitu ziren erakusten digute. Monumentuak, eraikinak, hirigune historikoak, paisaia harrigarriak… Baserri xumeenetik luxuzko jauregiraino.

Egun, kultura-ondare materiala kontserbatzearen aldeko kontzientzia soziala oso nabarmena da, baina ondareak berritu eta mantentzea oso garestia da.

Ondare higiezina
Eraikuntzak, gune industrialak, multzo arkitektonikoak, zona tipikoak... Ondare horiek guztiak gizakiak sortutako lanak dira eta ezin dira lekuz aldatu, eraikinak direlako edo ingurunean erabat erroturik daudelako.

Ondare arkeologikoa
Elementu historikoak, megalitoak, nekropoliak, haitzuloak, trikuharriak, menhirrak hartzen ditu barne. Esate baterako, Arabako Sorginaren txabola trikuharria edo Argiñetako nekropolia.

Ondare arkitektonikoa
Eraikuntza bereziak eta esanguratsuak hartzen ditu barne. Adibidez, herrietako dorretxeak, elizak, baselizak, baserriak eta abar.

Ondare industriala
Industria-munduan erabilitako eraikuntzak izan daitezke; adibidez, karobiak edo Ormaiztegiko tren-bidezubia.

Ondare naturala
Naturan esanahia duten inguruak dira. Esaterako, Gipuzkoako kostaldeko flyschak, Aizkorriko mendilerroa edo Aiako Harriko parke naturala.

Ondare higigarria
Objektu arkeologikoek, historikoek, etnografikoek eta erlijiosoek osatzen dute. Horien guztien adibide ditugu artelanak, dokumentuak, liburuak, argazkiak, pelikulak, ikus-entzunezko dokumentuak, artisautza-objektuak eta abar. Museo etnografikoetako objektuak, artxibategietan jasotzen diren dokumentuak eta Euskal Filmotekak gordetzen dituen filmak dira ondare higigarriko adibide batzuk.

Zein dira ondare ez-materialak?

Kultura-ondare ez-materialak jarduerak, antzezpenak, adierazpenak, hizkuntzak, ezagutzak eta trebetasunak dira, baita jarduera horiei lotutako objektuak eta tresnak ere. Komunitateak bere kultura-ondarearen zatitzat hartzen ditu. Kultura-ondare ez-material hau belaunaldiz belaunaldi transmititzen da eta etengabe eguneratzen doa, natuarekin bat eginik eta gizartearen aldaketei erantzunez.

Horregatik, ondare bizia ere esaten zaio. Aniztasun kulturalaren oinarria da. Ondare bizia gordetzeak nortasun-sena ematen du, eta komunitatearen jarraipena bermatzen. Kultura-ondare ez-materiala ahoz aho transmititzen da komunitatearen barnean, tradizioa transmititzen duten pertsonak dauden bitartean.

Ezagutzak, balio kultural eta sozialak eta memoria kolektiboa transmititzen ditu. Hauek dira adibide batzuk:

Hizkuntzak eta ahozko eta idatzizko adierazpenak
UNESCOren arabera, “ahozko tradizio eta adierazpenen” esparruan era askotako hizketa-formak sartzen dira, hala nola atsotitzak, asmakizunak, ipuinak, umeentzako kantak, kondairak, mitoak eta kantuak. Adibidez:

Bertsolaritza
Ahozko euskal kultura eta literaturaren berezitasunik azpimarragarrienetakoa da. Bertsolariak bertso abestuak inprobisatzen ditu aurrez ezarritako doinua, errima eta gaia errespetatuz. Bertsoa ez ezik, bertsolariak ere kultura-ondarea ditugu. Hor daude, besteak beste, Txirrita, Uztapide, Andoni Egaña edo Maialen Lujanbio.

Toponimia
Herri baten toponimian garai bateko hizkuntzaren aztarna ugari aurkitu daitezke (ibai, mendi, herri, etxe eta abarren izenak), horietako asko Erdi Aroa baino lehenagokoak. Ipar Amerikako zenbait lekuren izenetan, adibidez, garai bateko euskal arrantzaleen presentzia nabaria da. Era berean, Aragoiko hainbat toponimoetan euskal jatorria nabaria da.

Literatura
Euskal Herriko gizartean idatzizko kultura-ondarea aberastu duten idazle eta olerkari asko aurkitu ditzakegu; esaterako, Joanes Leizarraga, Resurrecion Maria Azkue, Bizenta Mogel edo Bernardo Atxaga.

Hizkuntza
Euskara edo euskal hizkuntza Europako hizkuntzarik zaharrenetarikoa da. Euskara, eta hizkuntzak orokorrean, kultur obrak kontsideratzen dira.

Dantzak eta musika
Betidanik dantza eta musika funtsezkoak izan dira gure bizitzan, COVID-19 birusak eragindako azken konfinamenduan argi ikusi den bezala. Dantza izango da webgune honetan bereziki jorratuko dugun arloa.

Dantza
Euskal kulturaren zati garrantzitsu eta funtsezkoa da. Dantza batzuk oso zaharrak eta jatorri ezezagunekoak dira, beste batzuk dantza zaharren bertsio modernoak dira, eta beste batzuk oinarri herrikoia duten koreografia berriak.

Musika-tresnak
Musika-tresna autoktonoek Euskal Herriko kultura-ondarea bereizi eta aberasten dute, bertako biztanleen musika-adierazpenerako sortu eta erabiltzen baitira. Nabarmenenak hauek dira: alboka, trikitixa, txalaparta, txistua, etab.

Musika
Nahitaezkoa da edozein ospakizunetan. Musika-literatura tradizionala oparoa da. Egun, artista askok euskal musika mundu osoan barrena zabaldu dute.

Azoka, herri-kirolak eta ospakizunak
Jarduera garrantzitsu asko herriko plazan egiten dira: asteroko azoka, zaindariaren jaiak, herri-kiroletako lehiak, bertsoak... Ospatu, elkartu eta hitzartzeko gunea da. Plaza leku sinbolikoa da herritarrentzat.

Herri-kirolak eta jolasak
Herri-kirolek landa-inguruko garai bateko lan-jardueretan dute jatorria eta, ondoren, kirol-jarduera bihurtu dira: aizkolariak, harri-jasotzaileak, idi-probak, segalariak, boloak, etab. Aldiz, pilota eta traineru-estropadak ez dira herri-kirol kontsideratzen, lehenengoa jolasa delako eta bigarrenak landa-eremutik ez datozelako.

Ospakizunak
Euskal Herrian bertako hainbat ospakizun eta adierazpen daude, tokian tokiko berezitasunak dauzkatenak. Horietako batzuk ditugu, esaterako, inauteriak, Santa Ageda eguna, Santo Tomas eguna eta abar.

Azokak
Asko egiten dira urtean zehar. Produktuak trukatzeko balio izateaz gain, azoka jai-izaera nabarmena duen ospakizun bat da.

Igo