Hasi dantzatzen!

Kultura eta gizarte guztietan, ahozko hizkuntzarekin batera, bada beste mintzaira bat, komunikatzeko, sentitzeko, adierazteko, konpartitzeko, bizitzeko erabiltzen duguna, eta hori dantza da.

Kultura guztietan, neska-mutilek, gazteek eta helduek, dantza egiten dute, eta euskaldunok ere eduki dugu dantzarako sena, gorputza musikarekin batera astintzeko sena.

Baina, zergatik ikasi dantza tradizionalak? Zer balio dute euskal kulturaren ondarean?

Zer da kultura-ondarea?

Galdera horiei erantzutera dator webgune hau.

Kultura-ondarearen barruan kokatzen ditu dantza tradizionalak, eta, horrekin batera, bideo-tutorialak eskaintzen dizkizu, dantza horietako batzuk ikasteko. Taldean nahiz bakarka, euskal ondare ez-material horretara hurbiltzeko primerako aukera duzu.

Bideoen eta irudien bidez, mugimendu bakoitzean sakontzeko aukera ematen dizu guneak. Pausoak urratsez urrats ikusiko dituzu, baita dantzaren osotasuna ere, taldean nahiz bakarka. Horrez gain, musika ere eskura edukiko duzu, MP3 formatuan deskargatu eta edonora eraman ahal izateko.

Kontuan izan behar duzu dantza egiteko hainbat modu daudela herrien edo eskualdeen arabera.

Beste azalpenik gabe, beldurrak alde batera utzi eta herri-dantzen munduan murgiltzera gonbidatzen zaitugu. Dantza asko ikasi, eta primeran pasatuko duzu!