Hasi dantzatzen!

GIDA DIDAKTIKOA

Hasi dantzatzen ikasmateriala, berez, DBHko ikasleei zuzenduta dago, baina, aldi berean, euskal dantzetan hastera doan edozeini ere interesa dakioke. Ikasmateriala Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskola 2.0 web-orrian zintzilikatuko da, hezkuntza-komunitateak, edota interesa lukeen beste edonork, eskura izan dezan.

Produktuaren xede nagusia da ikasleak Euskal Herriko dantza tradizionalak ezagutzea eta horiekin gozatzea era atsegin, entretenigarrian eta oso modu didaktikoan. Eta dantzak erreminta eta transmisio-bide bezala hartuta, kultura-ondare ez-materialerako lehen hurbilketa bat izatea. Helburua lortzeko, teknologia berriak eta IKT direlakoak erabiliko dira: ohiko eduki teorikoez gain, ikasleak bakarka nahiz taldean dantza tradizionalak ikasteko bideo-tutorialak gehituko dira. Modu horretan, ikasleak gero eta ohikoagoa den online formakuntza-metodologien lehen esperientzia izan dezake gune honetan.

1.- HELBURU OROKORRA

Hasi dantzatzen webgunearen helburu orokorrak bi dira:

1. Euskal Herriko eta beste herri batzuetako jolas eta dantza tradizionalak eta herrikoiak ezagutzea, balioestea eta praktikatzea.
2. Kultura-ondarea balioetsi, errespetatu eta zaintzeko interesa piztea.

2.- HELBURU DIDAKTIKOAK

  • Dantzak hizkuntza artistiko moduan eta herri eta norbanakoen komunikazio- eta kultura-adierazpenerako tresna gisa duen gaitasunaz jabetzea.
  • Euskal dantza tradizionalaren ondarea ezagutzea eta baloratzea.
  • Dantzatzeko gaitasuna garatzea eta bakoitzaren komunikazio- eta adierazpen-aukerak aberastea.
  • Ikasleak gizakiaren iraganeko bizimoduen berri izateko jakin-mina izatea, eta ulertzea oso garrantzitsua dela aztarna horien berri izatea historia ezagutzeko, eta zaindu behar den eta ondorengoei helarazi behar zaien kultura-ondarea direla.
  • Taldean parte hartzen jakitea, modu orekatuan integratuz, eta dagokionean ardurak hartuz eta horiei erantzunez.
  • Jendaurrean dantzatzea, nork bere buruarekin ziurtasunez jokatuz, memorizatutako dantzak fidelki erreproduzituz zein egitura tradizionalen ezagutzak sustatzen dituen inprobisazio-bideak jorratuz, eta dantzatzean bere gain duen komunikazio-gaitasuna baliatuz.
  • Dantzaren gozamena dastatzen jakitea.

3.- OINARRIZKO GAITASUNAK

  • Kultura-ondarea balioetsi, errespetatu eta zaintzeko interesa edukitzeko gai izatea.
  • Gizarterako eta hiritartasunerako gaitasuna.
  • Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
  • Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
  • Informazioa lantzeko gaitasuna eta gaitasun digitala.
  • Gaitasun kulturala eta artistikoa.

4.- EDUKIAK

  • Euskal dantza tradizionalak, ondare diren heinean, balioan jartzea.
  • Ondare ez-materiala zer den eta nola ulertu behar den ikastea.
  • Sare sozialetako tutorialak ulertzea eta haien bidez ikastea.
  • Informazioaren bilaketa selektiboa.
  • Adostasunetara iristeko prozeduren garapena.
  • Elkarlanerako eta lankidetzarako jarrera.
  • Irizpide kritikoz jokatzeko ahalmena.
  • Artistak eta haien obrak ezagutzea eta horiek konparatzea.
  • Emozioak identifikatzea.
  • Autoestimua hobetzeko mekanismoak.
  • Gaitasun sozialak.
  • Harremanak errespetuz eta berdintasunez ezartzea.

5.- TESTUINGURU METODOLOGIKOA

Hasi dantzatzen ikasmaterialaren xede nagusia da DBH guztian zehar Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea; hau da, modu erraz eta didaktikoan, ikasleen esku jartzea Euskal Herriko dantza tradizionalak eta herrikoiak ezagutzeko, balioesteko eta praktikatzeko erremintak. Era berean, euskal dantzak aitzakiatzat hartuta, kultura-ondarea zer den eta hura balioetsi, errespetatu eta zaindu behar dela erakustea.

Dantza guztiak ikasleen mailara egokituta daude, ikasleen ikaskuntza-prozesua errazteko asmoz. Horretarako, eduki teorikoez gain, dantzak urratsez urrats ikasteko bideo-tutorialak jarriko dira ikaslearen eta taldearen eskura.

6.- BARNE-EGITURA ETA NABIGAZIOA

BARNE-EGITURA

Hasi dantzatzen ikasmaterialaren abiapuntua edukien arteko nabigazioa eta interaktibitatea da. Horrela, ikasleak gehien interesatzen zaion informazioan zehar nabigatzeko aukera du, atal guztiak elkarren artean loturik baitaude. Ikasleak euskal dantza tradizionalekin loturiko ezagutzan murgilduko dira haientzat oso erabilgarri izango diren jakintza eta kontzeptuak eskuratuz. Baina aldi berean, webgune honetako edukiak elkarreraginerako aukera eskaintzen du, ikasmateriala alde teorikoa eta praktikoa bateratzen dituen ataletan banatuta baitago.

Hona hemen planteamendua:

  • Ataria: Webgunearen sarrera da. Honela dago banatuta:
    • Menua. Eduki osagarrietara jotzeko sarrera da. (Proiektua, Baliabideak, Gida didaktikoa eta Ebaluazioa).
    • Erdialdeko zona. Webguneko eduki nagusietara jotzeko sarbideak daude hemen. Webgunearen lehen sarrera izateaz gain, ondarearen inguruko edukiak eskuratzeko sarbidea izango du, baita, leihoen bitartez, dantza ezberdinetara sartzeko 9 ikono ere. Ikono horietako bakoitzean klik eginez gero, dantza baten fitxara sartuko gara. Bertan informazio deskriptiboaz gain, dantza horri dagokion MP3 audioa (erreproduzitu eta jaitsi daitekeena), MP4 bideo-tutoriala eta dantza bere osotasunean ikusteko bideoa aurkituko ditugu.
NABIGAZIOA

Planteamendu interaktiboari esker, ikasleak, ikasten doan neurrian, atzera egiteko edo beste bide batetik joateko aukera izango du. Webgune honen asmoa da ikaslearen kuriositatea piztea eta dantza batetik bestera mugitzeko aukera izatea, kuriositatea edukitzea fitxak zabaldu eta dantzan hasteko.

BESTE EZAUGARRI BATZUK
  • Diseinu garbia dauka guneak, zuriari lekua egiten diona eta tipografia irakurterraza erabiltzen duena (sans-serif motakoa).
  • Erabiltzailearentzat ezagunak diren ikonoak baino ez dira erabili, nabigazioa errazteko.
  • Bestalde, ikasleak une oro eskuragarri edukiko ditu informazio gehigarriak; besteak beste, Baliabideak eta Proiektua.
  • Edukiak formato ezberdinetan aurkezten dira: testuak, nabigagarriak (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatuak (PDF formatua); audioak MP3 formatuan, eta bideoak MP4 formatuan.
  • Webgunean gora eta behera ibiltzeko, geziak ipini dira, erabiltzaileak une oro jakin dezan non dagoen.

7.- HEZKUNTZA KOMUNITATEA

Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkeztuko dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimatzeko prestatutakoa (PDF formatua). Eduki guztiak (testuak, argazkiak nahiz etxean bertan ekoiztutako multimedia-edukiak) Creative Commons Share Alike (CC BYSA - Aitortu-Ezkomertziala-PartekatuBerdin 4.0) lizentziapean daude, edozeinek, modu librean, erabil dezan.

8.- JARDUERAK

Webguneak ebaluazioari zuzendutako atal bat edukiko du, eta, bertan, bi azpiatal.

  • Autoebaluatzeko gunea. Galde-erantzunetako bi test egongo dira. Lehenengoan, ondarearen eta ondare ez-materialaren inguruko galderei erantzun beharko die ikasleak; bigarren testa, berriz, dantza-tipologia ezberdinen inguruko galderei erantzutera zuzenduta egongo da. Test hauek bakarka erantzutekoak izango dira.
  • Talde-jarduerak. Guztira hiru talde-dinamika izango dira. Modu erabat praktikoan landu beharko diren ariketak izango dira.

9.- EBALUAZIOA

EBALUATZEKO IRIZPIDEAK
  • Eguneroko egoerak behatzea eta aztertzea, ondare-osagaia kontuan hartuz.
  • Harremanetan dauden estereotipoez ohartzea.
  • Elkarren arteko harremanek eduki behar dituzten ezaugarrietan, horien lehentasunak adieraztea.
  • Honako hitz hauen esanahia ezagutzea: ondarea, kultura-ondarea, ondare ez-materiala, tradizioa, talde-lana, errespetua, lotsa, segurtasuna. Eta jakitea horietako zein diren egokiak bizikidetasunerako.
  • Ondarea eta tradizioa hitzen jatorria, esanahia eta balioa ezagutzea.
  • Gure kulturan dantzak izan duen garrantziaz ohartzea.
EBALUATZEKO TEKNIKAK
  • Autoebaluazioa
  • Koebaluazioa
EBALUATZEKO TRESNAK
  • Ikasleak egunero bakarka nahiz taldean egindako lanen jarraipena.
  • Egindako lanak.
IKASLEEN EBALUAZIOA
  • Zer gustatu zaie gehien eta zer gutxien?
  • Zer ikasi dute edo zertaz jabetu dira?
  • Zerk harritu ditu gehien?
  • Zer aldatuko lukete prozesuan?
Igo