Dantza ludikoak eta irekiak / Erromeria
Arin-arina, bere izenean bertan islatzen denez, exekuzio arineko dantza da. Hainbat egitura koreografiko izan ditzake. Dantzariak bikote baten aurrean edo taldean dantzatzen du (maiz biribilean). Orokorrean dantzarien artean kontaktu fisikorik ez dagoen arren, kasu batzuetan hurbilketa bat egon daiteke.
Arin-arina praktika alaia eta parte-hartzailea da. Erronka ere izan ohi da.
Arin-arina dantzatzeko modua hau da: aldakak, hankak eta oinak modu koordinatuan mugitzen dira; bitartean, enborra eta besoak tente mantentzen dira.
50eko hamarkadatik aurrera, arin-arinak bilakaera nabarmena izan du eta urrats berriak eta koreografia erakargarriak ere sortu dituzte dantzariek.
Arin-arina dantza herrikoia da eta Euskal Herriko edozein herritako plazan dantzatu daiteke, hala nola urtean zehar egiten diren erromerietan.